Azkenean badugu azterketa-data!

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, martxoaren 18an egingo dira kirol-nautikako titulazioak lortzeko azterketak Irungo FICOBAn.

Bizi dugun egoera kontuan hartuta, eta matrikulen kopurua handia denez, batez ere Aisiako Ontziko Patroi (AOP) tituluan, azterketak mailaka egitea erabaki da.

Polaris Nautika Eskolan ilusioz hartu dugu azterketa-dataren berria; izan ere, ikasle batzuek 2020aren hasieratik dihardute prestaketa-lanetan, eta egoeraren ondorioz ezin izan dute azterketarik egin orain arte.

Ohiko galdera izaten da azterketan nota jartzen ote duten ala gainditu den edo ez bakarrik jakinarazten duten. Azterketaren emaitza GAI edo EZ GAI izaten dela erantzuten dugu normalean. Baina oraingoan gauzak bestela egin nahi ditugu. Aisiako Ontziko Patroi ikastaroko gure ikasle guztiak egiten ari diren ahalegina saritu nahi dugu.

Horregatik, Aisiako Ontziko Patroi titulua eskuratzeko azterketan notarik onena lortuko duten gure eskolako bi ikasleei saria emango diegu: bi lagunentzako bazkari banaAlgortako Txinuk tabernan. Pizgarri txiki horrek azterketa gainditzeko azken ahalegina egitera animatuko zaituztelakoan gaude.

Modu horretan, ikasleen ahalegina sustatzeaz gain, egoera larria bizi duen ostalaritzaren sektorea laguntzeko gure aletxoa jarri nahi dugu.

Animo tripulazioari, gutxi falta da eta!