Embarcaciòn a motor, yate

Laketontzi baten erregai kontsumoa

Zenbat erregai kontsumitzen du laketontzi batek? Hori izango da gaur gure albisteen blogean jorratuko dugun gaia.

Horretarako askotariko ontzi motak izango ditugu kontuan.

Gure izaera

Kirol nautikan, patroi eta zale berri bakoitzak nork bere izaera du.

Bela zale amorratuak daude. Lehiakorrak izan daitezke, bakoitza bere neurrian, eta estropada zaleak izan daitezke, edo lasai nabigatzea gustuko dute, besterik ez, motorraren zarata eta dardara jasan gabe. Horiek argi dute: Erosteko edo charter zerbitzuan bada ere, helburua bela da beti.

Batzuen helburua kirol arrantza egitea da. Nabigazioa da beren zaletasunaz gozatzeko bitartekoa. Helburua arrantza gunera ahal bezain laster iristea izaten da, zaletasun horretaz ahalik eta denbora gehien gozatu ahal izateko. Normalean, ez dituzte belaontziak aukeratzen, helburua abiadura handiagoa lortzea denez, onena, motor indartsu bat izatea da.

Hirugarren tripulatzaile mota kirol nautikan beren izaera zein den argi ez dutenek osatzen dute. Itsaso zaleak dira maiz, baina ez dute zaletasun zehatzik, itsasoaz eta nabigazioaz gozatu nahi dute soilik. Horietako batzuek nabigatzea gustuko dute, besterik gabe.

Bela edo motorra aukeratzea

Lehenengo bi taldeek argi izaten dute zein ontzi nahiago duten, eta kasu askotan, beste aukera zuzenean baztertzen dute. Hirugarren taldekoek, ordea, aholkuak eta laguntza behar izaten dituzte bi ontzi horien artean aukeratzeko.

Horretarako, POLARIS NAUTIKA ESKOLA laguntzeko prest dago. Orientazioa eskaintzen du gure ikastaro guztietan. Gainera, prestakuntza osatzeko praktikak egiteko aukera ere ematen dugu, batetik, Polaris Batgure belaontzian, eta bestetik,Polaris Bi gure yate motordunean.

Gure ontziak Getxoko Kirol Portuan daude.

Aukeratzerakoan, eragina izan dezake ontzia eta erregaia erabiltzeak duen kostuak, batez ere, gaur egun asko garestitu delako erregaiaren prezioa, eta hori aintzat hartu beharreko puntu garrantzitsua da.

Kontsumoa neurtu

Zenbat erregai kontsumitzen du laketontzi batek?

Kirol ontzi baten kontsumoa kalkulatzeko orduko zenbat litro gastatzen diren neurtu behar da. Kontsumoa lineala izaten da potentzia baxuko motorretan eta potentzia altuagoko motorretan, ordea, progresio esponentzialekoa.

Motorraren fabrikatzaileak kontsumoari buruzko informazioa eman ahal digute baina guk gure kalkuluak egitea gomendatzen dugu.

Hurrengo argitalpenetan gure ontzien kalkuluak nola egiten ditugun azalduko dizuegu.

Kontsumoa belaontzietan

Belaontzi batek zenbat erregai kontsumitzen duen ez da oso garrantzitsua, gutxienez, ez da kezkagarria. Belaontziak belarekin nabigatzeko diseinatuta daude, hortaz, ez dute erregairik kontsumitzen.

Motorra portuko maniobretan eta belarekin nabigatzeko haize nahikorik ez dagoenean erabili ohi da.

Nolanahi ere, potentzia baxuko motorrak dira (50 CV baino gutxiago) eta erregai gutxi kontsumitzen dute. Esan dezakegu 40 CV inguruko motor baten gasolioaren kontsumoa ordu bakoitzeko bi litro baino gutxiago izango litzatekeela.

Kontsumoa motor ontzietan

Lehen aipatu dugun bezala, ontzi motordun batek zenbat eta bira gehiagoko motor mota aukeratu orduan eta erregai gehiago kontsumituko du.

Normalean, motorren fabrikatzaileek kontsumoaren taula bat emango digute baina balioak oso teorikoak izaten dira. Izan ere, praktikan, motorrari lotuta ez dauden beste faktore asko daude. Hortaz, komeni da berrikustea balio horiek errealitatera egokitzeko.

Nolanahi ere, kontsumoa kontuan izan beharko dugu nabigatzeko modua aukeratzen dugunean.

Jarraian, Polaris Bi belaontziaren kontsumo taula ikus dezakezue. Ontziak 320 CV-ko motorra du. Hau da, potentzia ertaina duela esan dezakegu.

Kontsumoak “zentzuzkoak” izan daitezke 2000 RPM arte, baina 2200 RPM eta gehiagoko potentzian gora egiten du.

Beraz, ibilaldia ikaragarri garestia izan daiteke. Hortaz, arrantzatu dugun hegaluzea kabiarraren prezioa izan dezan nahi ez badugu, abiadura egokitu beharko dugu bira erregimen “merkeago” batera.

Abiadura handitzeko premia edo gogoa badugu, beti izango dugu aukera hori, betiere kostuaren berri izanda.