Kasko metalikoek, eta bereziki altzairuzkoek, korrosio galvanikoaren eraginak jasaten dituzte. Gure ontzi gehienak zuntzaz egin dira, eta arazo hori dute zati metalikoetan (helizea nahiz horren ardatza, lemako pala, abortza, etab.).

Baina zer da korrosio galvanikoa? Xehetasun gehiegi eman barik azaltzen ahaleginduko gara: bi metal kontaktuan jartzen ditugunean, prozesu elektrokimiko bat gertatzen da, zeinetan metal batek elektroiak ematen dizkion metal nobleenari; hala, lehenengoak anodo gisa jardungo du eta bigarrenak, berriz, katodo gisa. Metalak elektroi bat galtzen duenean, sortzen den hutsunea oxigenoko beste elektroi batek beteko du; horrek metala hondatuko du, oxidazioaren bidez. Prozesu hori inguru gazietan (ur gazian) bizkortzen da; izan ere, eroankortasun elektriko handia dute eta, ondorioz, elektroiak erraztasunez mugitzen dira.

Hala, inguru gazietan metalak elkarren arteko kontaktuaz babeste aldera, isolatu beharko ditugu. Gogoan izan behar dugu balizko kontaktu hori ez dela bakarrik gure ontziko zati metalikoen artean gertatzen: gertu porturatu diren ontziei ere eragiten die, baita portuko instalazioei ere.

Nola babestu behar ditugu zati metalikoak? Urpeko aldean (murgilduta) dauden gure ontziko zati metalikoak korrosio galvanikotik babesteko, balizko eragin galvanikoa murriztuko duen pintura babesgarria eman behar dugu alde horietan, eta anodo galvanikoak jarri.

Anodo galvanikoak zinkezko pieza batzuk dira, urpeko aldean dauden gure ontziko pieza metalikoetatik gertu jartzen direnak. Zinka ez da kirol-ontzietan egon ohi diren metalak bezain noblea eta, hortaz, anodo gisa arituko da, elektroiak askatuz eta guztiz hondatu arte galvanizatuz.

Anodo horiek helizearen kaskoan zein ardatzean eta lemaren palan egon ohi dira; hala ere, anodo gehigarriak egon daitezke, ontziaren eraikuntzaren arabera.

Zein da anodo horiek izan behar duten pisua? Formula hau erabiliz kalkulatzen da pisua:

P=K*L*(B+D)/34,39

 

Ikur horiek honako balio hauei dagozkie:

P: Anodoen pisua, kilotan
K: Kaskoaren materialaren araberako koefizientea

0,165 Zuntza
0,625 Aluminioa
1,000 Altzairua

L: Esloia, oinetan
B: Zabalera, oinetan
D: Zingoa, oinetan

Horren arabera, Polaris Bat ontzirako behar diren anodoen pisua kalkulatuko dugu; honako neurri hauek ditu: 11 metroko esloia, 3,72 metroko zabalera eta 1,82 metroko zingoa. Emaitza 3 kg baino zertxobait gehiago da.

Kalkulua egin ostean ateratzen den pisua urtebetez baino zertxobait gehiago eten barik eta segurtasun-marjinarekin nabigatzeko behar den pisua da. Horrenbestez, pisu hori egokitu eta murriztu ahalko dugu, aurreikusitako mantentze-lanen arabera.